XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zerk permititzen dit uste izatea, beroa sentitzen duen Nia eta eguzkia ikusten duena batbera dela?, etab.

Identitatea (kontzientzia) eraikuntza da eta ikasi egiten da, haur psikologiak ongi dakienez.

Kontua ez da Nia, edo nazioa, eraikuntzak izatea.

Hori daudenekin saiatu ordez, problema ez daudenekin gogor enpeinatzea besterik ez da, edo dauden lekutik beste batean planteatu nahi izatea: politikan egon eta metafisikan planteatu.

Euskal nazioaren arazoa plantea liteke, termino kantianoetan esateko, dogmatikoki, hots, arbola batek edo mendi batek daukala uste izaten den errealitatea bezalakoxea daukalakoan, giza adimen eta sentimentuetatik aparte eta menpegabekoa, begiak zabaldu besterik eskatzen ez duena ikusteko:

agian horrelaxe usteko dute gehienek, baiesteko nahiz ezesteko (antza, horregatik pentsatzen da, eraikuntza dela esan eta, errealitatea ukatzen dela: mentalitate dogmatikoaren aurretiazkoez bakarrik baita hori logika baliozkoa).

Baina arazo hori plantea liteke berdin-berdin nazioa (gizadia, Nia) eraikuntzak direla, eta ezin direla ez izan, deskubritu eta gero ere, horrelaxe baita Humboldt nola ari den planteatzen.

Guzti horren eraikuntzan gizakiak natura izaten jarraitzen du; bestela esanda, gizakiaren natura kulturako eraikuntza horien bitartez ari da burutzen bere burua:

gizakia naturak berea du eta ez dago bakarrik eta bakandurik egotera destinatua;

haren ahoko berba naturaren doinuaren elementu edo harribizia da; hark proiektatzen duen irudia [haren kontzeptuak], honen moldeen silueta, haietan funditu zituen berak bere figurak: haren nahia, beronen indar kreatzailearen artegabeko bulkada.

Ez da txikiagoa horregatik haren menpegabetasuna: errealitatearen osotasunean naturaren indarra bere-bere propioa baita: eta agerpenean oro, nazioa, lurra, zerua, ingurua, iragana eta orainaldia, itxia baitago dena, mutua eta hila, berak asmatzen ez badu nola ireki, nola entzun eta biziarazi bere barneko indar propioarekin"74 ..

Gizakiarentzat errealik ezer ez dago, errealitatera berak itzuli eta eraiki duen neurrian baino.

Kuestioa da: gizakia ez dela lehen Ilustrazioak (razionalistak) uste izandako ente natural biribila, bukatua, naturari buruz-buru kontrajarria, berezi eta banatua, badakigunez gero jakin, nola pentsatu orain gizakia indibiduo gisa, gizarteko lagun gisa, historiako kide, etab , haren ulerpide berri batean?

Arazo horrekin aurkitu zuen kultura europarrak bere burua XVIII. mendearen gailurrera iritsita.

Baina hau ez da soluzioa aurkitu ahal zaion arazo horietako bat (banako/gizarte harremanen arazoak behin betiko soluziorik ez du paperean izan ezik), gehienez ere aurki litekeena gaia ahalik egokiena tratatzeko eta planteatzeko pentsamolde orokor bat da, hori baita Humboldtengandik interesa dakigukeena, haren formulazio konkreturen batzuk baino gehiago, nahitaez historikoki baldintzatuak.

Ni bat pentsatzea diferentzia sartzea da, mugak ezartzea; beraz, logikoki, Ez-Ni bat pentsatzea da aldiberean (nondik ni berezten naizen Ni gisa), mundua.

Ohar orokor honi, Kanti hartua eta banakoak bera izateko mundua behar duela aipatzean ikusi duguna, Humboldtek bi notatxo polit-polit gehitu dio, Ni pentsatzeak aldiberean gizartea (ez bakarrik mundua!) pentsatzea galdatzen duela seinalatzeko:

1) Ni dionak hitzegiten, eta hitzegiteak hiztunen komunitatea suposatzen du;

2) Ni pentsatzeak Hi suposatzen du (bere muga bezala: zerbait pentsatzeak beste zerbaitean du bere muga, baina Ni-k Hi edo Ha du bere muga espezifikoa, ez zerbait).

Sozialak asko daude animaliak.

Baina gizakia ez da soziala defentsa antolaketak, laguntza, erreprodukzioa behar dituelako, baizik Niaren kontzientziara goititzen delako(...)